Hauteskunde programaren aurkezpena

argazkia: ukberri.net
HAUSNARKETA eta HERRI PROGRAMA, pdf formatoan 
Udalerrian erroldatuta dauden 1.767 pertsonen sinadurak jaso ondoren Getxoko Abertzale Sozialistak hautesle elkarteak zerrenda aurkeztu eta aurkezpen publikoa egin du apirilaren 26an Getxo Antzokian ospaturiko ekitaldi politikoan.
Ekitaldi koloretsu eta dinamikoa Itxaso Paiak eta beste bi bertsolari gaztek aurkeztu dute. Hizlarien parte hartzea bideo proiekzio eta txalaparta eta trikitixa doinuekin ere tartekatu da.
Irakurri aurkezpenaren kronika osoa eta herri programaren laburpena:
Getxoko presoen argazkiak eskuan izan dituzten senide eta lagunak ondoan izan dituela, Goio Acerok herriaren borrokaren garrantziaz hitz egin du, besteak beste Lemoizko zentral nuklearra geraraztea bezalako izugarrizko lorpena aipatuz.
Christian Reinickek azken lau urteko apartheid politikoa izan du mintzagai eta ordezkaritza postuaren lapurreta baliatuz gehiengoa izan duen Udal Gobernuaren eskumako politiken adibideak aipatu ditu.
Lau urte ilunen balantzearen laburpena albistearen sarreraren pdf atxikituan dago.
Ezker Abertzaleko hainbat kide oholtza gainean, tartean Getxoko Abertzale Sozialistak hautes-zerrendako hainbat kide, Iratxe de Diegok Herri Programa aurkeztu du.
Herri programaren proposamen nagusiak albistearen sarreraren pdf atxikituan dago.
Azkenik eta jende taldea ondoan izan duela, Marije Fullaondok egoera politikoari buruzko hausnarketa egin du, Marko Demokratikorako Proposamena eta Ezker Abertzaleak azken hilabeteotan eman dituen beste aurrerapausuak nabarmenduz.
Goio Aceroren interbentzioa
Lemoizko zentrala gelditzea ezinezkoa ematen zuen, baina Dabid txikiak Goliat erraldoi politiko eta ekonomiko guztiz ahalduna garaitu zuen. Eta zein izan zen Euskal Herriaren arma? Borroka, mota askotako borroka eredugarria, milaka eta milaka herritarren borroka eredugarria. Ondorioa? Munstroaren erorketa.
OTANen erreferenduma irabaztea ezinenezkoa ematen zuen eta borroka ideologiko eta mobilizazioari esker irabazi genuen.
Orain dela 20 urte ezinezkoa zen gure batzar bat euskara hutsez egitea. Orain gure batzar eta mitinetan euskara da nagusi. Zer nolako borroka errealitate honen atzean! Egunero esku artean dugu GARA eta BERRIA, eta GARA eta BERRIA gure eskuetan egotea borroka eta garaipen handi baten testigantza isila da.
Euskal Herriaren historian, mendetan zehar, porrotekin eta garaipenekin, sufrimenduz eta pozez, borroka izan da Euskal Herriaren biziraupenaren bermea. Amaiurtik Gernikara, Gernikatik trantsiziora, trantsiziotik honaino.
Zenbat aldiz pentsatu dute Euskal Herria hilzorian zegoela, ezker abertzalea isolatuta zegoela …, baina urteak joan urteak etorri Dabid txikiak zutik jarraitzen du.
Borroka giltzarria izan, izaten ari eta izango da. Nahiz eta batzuetan oso gogorra den, nahiz eta batzuetan sufrimendua berarekin ekarri, BORROKA ERRENTAGARRIA DA.
Urte askotako borrokari esker eszenatoki berri bat ireki da. Askatasunaren trenak bere ibilbidea jarraitzen du, egunero nazioa eta sozialismoa eraikitzen. Hurrengo geltokia bake prozesua, gatazkaren konponbidea, Euskal Herriarentzako demokrazia. “Estación termini” INDEPENDENTZIA eta SOZIALISMOA. Tren honen energia, motorra BORROKA da.
Abagune honetan bereziki, guztion lana behar beharrezkoa da. Tren honen hurrengo geltokia hauteskundeak dira eta tren honek martxan jarraitzen badu borrokalariei esker da. Gure preso, iheslari, errefuxiatu eta borrokan erori direnek erakusten digute bidea. Haientzat gure txalorik sentituena. Haiekin batera ASKATASUNA LORTU ARTE!
Marije Fullaondoren interbentzioaren euskarazko pasarteak
Lehenik eta behin, zorionak! Zorionak eta esker mila azken hilabeteotan, ero moduan, zerrendak osatzen ibili zaretenoi eta zuen prestutasuna agertu duzuen guztioi. Zorionak 10 egun eskasetan 83.000 sinaduratik gora biltzea posible egin duzuen guztioi. Eta zorionak, bereziki, 1.800 sinadura bilduz, Getxoko Abertzale Sozialistak herri kandidatura aurrera atera dadin zuen alde jarri duzuen guztiarengatik. Zorionak eta eskerrik asko.
83.000 sinaduratik gora Hego Euskal Herrian, 1.800 sinadura, Getxon. Izugarrizko urratsa. Zeren aldeko urratsa? Gatazka politiko-armatua konponbidean jarriko duen prozesuaren eta hauteskunde demokratikoen aldeko urrats sendoa eman du Herri honek bildutako sinadura horiekin guztiekin.
Eta lortutako sinadura horiek ematen diguten babesarekin aurrera egingo du Ezker Abertzaleak. Aurrera borroka fronte guztietan. Aurrera prozesuan eta aurrera hauteskundeetan. Instituzioetan egoteko eskubidea daukagulako eta, bereziki, gure herriak hori nahi duelako.
Eta gure herriak hori nahi du, badakielako hauteskunde hauek ez direla ohikoak. Badaki hauteskunde hauek ez direla Udaletan, Batzar Nagusietan eta Nafarroako parlamentuan gure proiektu politikoa ordezkatu eta defendatuko duten ahalik eta ordezkari gehien lortzeko hauteskunde soilak. Gure herriak badaki hauteskunde hauek hori baino askoz ere gehiago dagoela jokoan. Badaki hauteskunde hauek gatazka politiko-armatua behin betiko konponduko duen prozesuari bultzada emateko aukera direla, gaur gaurkoz blokeatuta dagoen prozesuari BAI esateko aukera.
Egindako lan horri guztiari esker, inoiz baino argiago ikusten da, gaur, gatazkaren konponbideari begira askatu beharreko korapilo nagusia zein den: hemen badagoela herri bat, Euskal Herria izena duena, herri delako eskubideak, gauzatu beharreko eskubideak, dituela eta, ondorioz, bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzea dagokiola. Eta hori da gure herriak irekita duen aukera politikoa.
Aukera politiko horren erdi erdian, duela urtebete ETAren sueten iraunkorraren iragarpenarekin ireki zen prozesua dago. Urrats horretatik bertatik hasita, Ezker Abertzaleak etengabean jarraitu du aurrera pausuak ematen: elkarrizketa politikoetarako mahai gainean eskaintza zehatzak jarri, Marko Demokratikorako proposamena aurkeztu, eragile guztion aukera berdintasuna bermatzeko ASB erregistratu, hautesle elkarteak sortu, horiek babesteko sinadurak bildu … Ezker Abertzalea, beraz, ez dago geldi, arrisku guztiak asumituz, etengabe ari da gatazkaren konponbidea ahalbidetuko duten urrats eraikitzaileak ematen. Momentu honetan ziklo bat ixten ari gara berri bat irekitzeko, eta, testuinguru honetan, maiatzeko hauteskundeak mugarria izan daitezke etapa berri hori irekitzeari begira.
Baina Ezker Abertzaleari bai. Ezker Abertzaleak gatazka behin betirako konpondu nahi du, benetako bakea lortu nahi du. Eta, horretarako proposamena luzatu diogu Herri honi eta Espainiar Estatuari. Herri honetara konponbidea eta elkarbizitza demokratikoa ekar dezakeen tresna jarri dugu mahai gainean: Marko Demokratikoaren proposamena. Egun indarrean dagoen esparru politiko eta instituzionaletik abiatuta, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garairako marko politiko berri bat proposatzen duena. Lau herrialdeon etorkizuna erabakitzeko eskubidea bertoko herritarren esku egongo dela bermatzen duena. Proiektu politiko guztiak, gurea barne, gauzagarri egiten duena. Euskal lurraldeen arteko harremanak elkarrekiko errespetuan eta borondate demokratikoen batuketan oinarritzen dituena. Indarrean jartzeko, egungo bi erkidegoetako herritarron gehiengoaren onarpena beharrezkoa duena.
Beraz, Euskal Herriaren etorkizuna euskal herritarron esku uztea eskaintzen duen proposamena dago jokoan maiatzaren 27ko hauteskundeetan ere. Erabat demokratikoa eta egingarria den proposamen horri emango dio bozka Ezker Abertzaleari bere bozka ematen dionak. Gure etorkizuna guk geuk erabakitzeari emango diogu bozka Ezker Abertzalea bozkatzen dugunok, beraz, proposamen horren aldeko bozka eskatzen dugu. Guztiok izango gara irabazle.
Baina Ezker Abertzaleari bozka ematen dionak beste zerbaiti ere emango dio bozka. Asko eskaintzen du Ezker Abertzaleak hauteskunde hauetan. Aldaketa eskaintzen du. Herri alternatiba bat eskaintzen du; alternatiba soziala, ekonomikoa eta kulturala.
Prozesu eta hauteskunde demokratikoen garaia dugu. Eta gure aldetik, horiek lortzeko, gure esku dagoen guztia egiten ari gara eta egiten jarraituko dugu. Ezker Abertzalea hauteskundeetan egongo da, gogotsu eta indartsu. Zer egiteko? Prozesua parametro demokratikoetan sustraitzeko eta soluzioen etorkizuna bermatzeko. Nola egingo dugun hori? Euskal Herri berriari ateak irekiz, autodeterminazioa eta lurraldetasunari bide emanez eta gure herria ezkerretik eraikiz. Eta zergatik egingo dugun hori? Milaka sinadurek horrela eskatu digutelako.
Ezker Abertzalearen aldeko hautua egiteko garaia da. Hauteskundeetatik indarturik aterako gara eta, ez izan zalantzarik, Espainia eta Frantziako gobernuek ezin izango dute albo batera utzi errealitate hori.
Getxon, 2007ko apirilaren 26an.
Herri programaren laburpena
> Azken lau urteak, urte ilunak izan dira Getxoko Udalean.
> Hau aldatzera doa, ezker abertzalea berriro itzuliko da erakundeetara.
> Getxorako ona izango da, eta Euskal Herrirako ere.
Irakurri programaren laburpena osorik:
Lau urte ilun: Udaletxe antidemokratikoa
- EAJ, EA eta Ezker Batuak getxotarren botoen % 48rekin gobernatu dute.
- Ezker Batuak Getxo Biziaren ilegalizazioaren lepora ostutako zinegotziak eman die gehiengoa.
Lau urte ilun: eskumaren gobernua
- Ezker Batuak, Getxo Biziaren zinegotzia ostuta, eskumako politika egiteko behar zituen botoak eman dizkio EAJ-EA koalizioari
- Boterearen gerizpera biltzearren, politika hori justifikatzen eta bere planteamendu propioak irensten eman ditu azken lau urteak
- Ezkerreko oposizioa egin, Pleno Aretoko publikoaren jarlekuetatik egin da, herritar soilen eta Getxo Biziaren eskutik
Lau urte ilun: tasak eta zergak gora
- Getxotarrek Udalari tasa eta zergetan ordaintzen dioguna % 36 igo da azken bost urteetan.
- Bitartean, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI), soldatak eta pentsioak doitzeko erabiltzen dena, % 16 baino ez da igo.
- Tasa eta zergen igoeraren aurka protesta handiak izan dira. 10.000 sinadura baino gehiago
Zarama tasa % 86 igotzearen aurka.
Zerbitzua murriztearekin batera, igeritokietako euro baten prezioaren aurka
- Baina Udalak entzungor egin die protesta horiei, beste zenbaiti bezala
Lau urte ilun: gastu soziala behera
- Tasa eta zergen igoera ez da gastu sozialera bideratu
- Oinarrizko zerbitzu, babes sozial, hezkuntza, kultura, kirola eta osasunean gutxiago gastatuko da 2007an, 2004an baino
Lau urte ilun: etxebizitza
- Arazo honi irtenbidea emateko aitzakian, Andramari osoa okupatu nahi dute EAJ, EA eta Ezker Batuak, 8.500 etxebizitza eraikita; horietatik 5.500 babesekoak omen
- Baina horra datu batzuk:
15 urte barru Getxok orain baino 400 biztanle gehiago izango ditu
1.627 getxoztarrek dute izena emana Etxebiden
2.592 etxebizitza daude hutsik Getxon
Udalak, azken lau urteetan, Babes Ofizialeko 154 etxebizitza soilik banatu ditu
- Areago: azken ekitaldietan urtero 1,2 milioi euro onartu dira etxebizitzan inbertitzeko. Baina bat bera ere ez da gastatu
- 2007ko aurrekontuetan aukera izan zen 5 miliioi gehiago inbertitzeko; baina Udal Gobernuak atzera bota zuen proposamena
Lau urte ilun: proiektu suntsitzaile eta antisozialak
- Andramari: Getxoko sorburu historikoaren, euskararen babeslekuaren eta paraje naturalaren erabateko suntsiketa ekarriko du orain gobernuan dauden alderdien proiektuak
- Portu Zaharra: Galdaretxeko lanek eta Erreilenorako Bainuetxe proiektuak gune historiko hau ezabatuko dute
- Espekulazioa gure herriaren historia irensten ari da
Lau urte ilun: zarama
- Udalak bide antiekologikoena hautatu du: zaramaren errausketa
Berziklajea bezalako alternatibak baztertuz
Hondakin toxiko berriak sortuz
- Gainera, horrek zarama-tasa % 86 igotzea ekarri du
- Dena Ezker Batuaren botoei esker. Alderdi honetan hemen ere irentsi ditu bere printzipio guztiak
Lau urte ilun: kultur eredu despertsonalizatua
- Kontsumoan oinarritutako kultur eredua dugu: ekitaldi handiak kontsumitzen ditugu, ezer sortu gabe
- Kulturak parte hartzeko eta harremanetarako dituen ahalmenak baztertzen dira
- Adibidea: 2006ko dirulaguntzak:
Ertaroko Azoka: 62.000 €
Portu Zaharreko jaiak: 14.000 €
Hau aldatzera doa: Udalberria dator
- Ezker abertzalea erakundeetara itzuliko da maiatzaren 27an
- Amaitu da urte ilunen garaia
Amaitu da eskumaren nagusitasuna udal eta foru erakundeetan
Garai berri bat hastera goaz, hala Getxon nola Euskal Herri osoan
Hau aldatzera doa: Herri Programa
Euskararako proposamen batzuk:
Euskararen Udal Ordenantzak ezarri
Euskalduntze plangintza burutu
Doan euskalduntzeko aukera bermatu
Getxoko euskara moldea zaindu
Aurrekontuen % 2 euskalduntzera bideratu
Eskubide zibil eta politikoak, proposamen batzuk:
Oinarrizko eskubide zibil eta politikoak bermatu, udalerri mailan
Herritarren partehartzea sustuatu
bileren ordutegia aldatu
proposamenak aurkezteko aukera zabaldu
herri galdeketak burutu (HAPO…)
EHNAren erabilera sustatu
Politika feministarako proposamen batzuk:
Berdintasunerako Saila Udal Gobernuan txertatu
Berdintasun Plan partehartzailea burutu
Berdintasun Kontseilua, erabakitzeko ahalmena duena
Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko politika eraginkorra
Gazte politikarako proposamen batzuk:
Gazteria, herriko kolektibo gisa onartu
Autogestioa bultzatu
Gaztetxeak babestu eta lagundu
Etxebizitza plan zehatza gazteentzat
Lanaren prekarietateari aurre egiteko politikak
Etxebizitzarako proposamen batzuk:
Etxebizitza eskubidea denez, herritar guztientzat etxebizitza duina ziurtatu
Herri mugimenduarekin batera eskubidearen aldeko borroka ideologikoa garatu
Etxebizitza beharren azterlana egin
Eraikita dagoen parkean eragin eta etxe hutsen erabilera bultzatu
Beharren justifikazio argirik gabe hiriaren hedapena eta eraikuntza mugatu
Inbertsio publikoaren bitartez Lur Zoru eta Etxebizitza Udal Ondarea handitu
Alokairu publiko sozialaren eskaintza indartsua garatu
Promozio publikoetan teknika bioklimatikoak, material ez kutsagarriak eta energia berriztagarriak baliatzeko sistemak ezarri
Inmigrazio politikarako proposamen batzuk:
Etorkinen eskubide guztien defentsa burutu, eskubide zibil eta politikoak barne
Euskal Herriarekiko kontaktua garatu
Etorkinei beren problematika kudeatzeko baliabideak eman
Jatorrizko herriekiko harremana estutzeko politikak gauzatu
Enplegua, formazioa eta merkataritzarako proposamen batzuk:
Behargintza gehiago bultzatu
Denda txikien aldeko politika burutu
Udalaren zerbitzuen munizipalizazioa
ABLE-en erabilerari uko egin
Emakume eta gazteen kontratazioa bultzatu
Aurrekontuen % 3 formazio eta enplegu programetara bideratu
Hezkuntzarako proposamen batzuk:
Hezkuntza Batzordea eratu, herria eta hezkuntza uztartzeko
Haur eskola guztietan 0-3 zikloa eta D eredua bermatu
Tokian tokiko curriculuma garatu
Kulturarako proposamen batzuk:
Kultura Kontseilua sortu
Kultur ondarea berreskuratu: jaiak bultzatu, historia ezagutarazi, ondare materiala babestu
Kultur Etxearen berrorientazioa, kudeaketatik sustapenera
Baztertutako sektoreen kultura lagundu
Euskarazko tokiko telebistarekin hitzarmenak gauzatu
Auzuneetako kultur etxeak hobeto hornitu
Kirolerako proposamen batzuk:
Kirol Etxea sortu, praktika bultzatzeko:
Instalazioak hobetu eta herritarrei hurbildu
Formakuntza planak bideratu
Kale monitorearen figuraren beharra aztertu
Kirol liburutegia sortu
Euskal kirol tradizionalak bultzatu
Osasunerako kirola: eliteko kirola baztertu barik, kirola pertsonen osasun eragile nagusietako bat bezala sustatu
Instalakuntzak hobetu: Fadura, Alangoko Hiltegia…
Dezentralizazioa: kirol instalakuntza txikiak zabaldu herrian zehar
Igeritokien zerbitzua hobetu eta doako bihurtu
Lurralde antolakuntza eta ingurugirorako proposamen batzuk:
Naturguneak babestu eta zabaldu
Zaborraren berziklatzea bultzatu
Energia berriztagarriak hedatu
Herriko ondare historiko artistikoaren katastroa ireki
Metroa guztiz lurperatu
Lurpeko aparkaleku publikoak eraiki
Internazionalismorako proposamen batzuk:
Elkartasuna berdinen arteko harreman gisa eratu
Lagundutako herrietako ordezkariekin harremanak bideratu
Herri horiekiko senidetzeak bultzatu
Israelekiko harreman oro eten
Zapaldutako herrietara joaten diren brigadistei laguntza eman
Hau aldatzera doa
Eta geuk aldatuko dugu



aurkezpenaren gaineko kronika ukberri.net-en ere
Comment >> zerra — 2007.05.02 @ 08:05