Gaur goizeko 11etan Getxoko EAE-ANVk prentsaurrekoa eskaini du Udaletxe atarian. Josu Amezaga zerrendaburu hautatuak beste bi kidez lagunduta aurkeztu du jasotako bozen arabera EAE-ANVri dagozkion 2 ZINEGOTZI POSTUAK eskuratzeko PROPOSAMENA.

Horrekin batera mahaiz mahaiko hauteskunde emaitzak eta ohikoa den DHont sistema erabilita Getxoko 25 zinegotzi postuak banatzeko taula bikltzen dituen txostena helarazi zaie bertaratu diren komunikabideei, Getxo Irratia, UKberri.net, Tele 7 eta Tele Bilbao.

Getxoko EAE-ANVk azken Udal Hauteskundeetan jasotako botoengatik dagozkion zinegotzi postuak eskuratzeko PROPOSAMENA

Dakizuenez, joan den maiatzaren 27 Udal Hauteskundeetan aurkezteko aukera ukatu zitzaion Getxoko EAE-ANVri. Hala ere hautes-mahaietan egoteko konpromisoa bete genuen, eta horren ondorioz 3.245 getxoztarrek sartu zuten gure boto-papera boto-kutxetan (ikus txostena). Duela lau urte Getxo Bizia ezker abertzaleko plataformak lortutako emaitzekin alderatuta, botoetan % 18 gora igotzea esan nahi du horrek, abstentzioa handiagoa izan den eta gainerako alderdi gutziek botoak galdu dituzten hauteskunde batzuetan (aurrekoan lehiatu ez ziren Berdeak kenduta).

Jasotako boto horien arabera, EAE-ANVk zinegotzi bi izan beharko lituzke (ikus txostena). Gure hautagaitza legez kanporatua izan ez balitz, zinegotzi horiek modu automatikoan eskuratuko genituzke. Baina kanporatuak izan ostean, beste alderdi batzuek aukera dute, orain, postu horiek eskuratzeko: gure kasuan, EAJ-PNVk eskuratuko luke bata, eta PPk bestea.

Horrela eginez gero, bistan da osatuko litzatekeen Udal Batzak ez lituzkeela getxoztar guztiak ordezkatuko: botoemaleen % 8 utziko luke ordezkaritzarik gabe, Espainiako Conde Pumpido fiskalburuak “hauteskunde-Guantanamo” gisa definitu zuena egia bihurtuz. Izan ere, getxoztar horiei inongo epaik ez baitie ordezkatuak izateko aukera kendu, haiek botoz hautatutako pertsonei inongo epaik ordezkari izateko aukera kendu ez dien bezala. Beraz, getxoztar diren neurrian, ordezkatuak izateko eskubide osoa dute, gainerako getxoztarrek bezalaxe. Zentzu demokratikoan, haien botoak gainerako getxoztarren botoak beste balio du. Hori ez onartzea (esatez zein ekintzez) demokraziaren beraren lehen printzipioa ukatzea da: hots, pertsona bat, boto bat.

Egoera honen aurrean badago legezko bide bat, herritarren borondatea aintzat hartu eta Udal Batza jasotako botoen arabera osatzea ahalbidetzen duena. Izan ere, LOREG (Ley Orgánica del Reglamento Electoral General delakoa) legaren 182.2 artikuluak horretarako bidea ematen du. Funtsean, honela aplikatuko litzateke prozedura:

- Legez kanporatzearen ondorioz botoek emandakoak baino zinegotzi gehiago eskuratzeko aukera leukakeen alderdiak (kasu honetan EAJ-PNVk eta PPk) bere-bereak soilik dituen postuak hartuko lituzke. Hortik aurrerako zerrendakide guztiek errenuntzia egingo liokete ez dagokien postua hartzeari.
- Hautes-zerrenda horretako kide guztiek errenuntzia egin ostean, alderdi horren arduradun juridikoak zerrendan ez zeuden pertsona berriak izendatuko lituzke Hauteskunde Batzar Zentralaren aurrean, legeak aitortzen dizkion postuak beteteko adina. Pertsona horiek izango lirateke, hain zuzen, baliogabetu nahi ziren zerrendetako pertsonak. Gure kasuan, EAJ-PNVko zein PPko hautes-zerrendako lehen bederatziek kargua hartuko lukete, eta 10.etik aurrerakoek errenuntzia aurkeztuko. Horren ostean, alderdi horietako arduradunek EAE-ANVren zerrendako lehen bi postuetako pertsona bana izendatuko lukete, zinegotzi izateko. Horrela, getxoztarrek botoz eskatutako benetako ordezkaritza osatuko litzateke Udal Batzan.
- Prozedura burutzeko, beste inoren onarpenik ez du behar alderdi bakoitzak. Bere borondatea nahikoa da, bidea gauzatzeko.
- Behin prozedura burututa, dagokion alderdiko ordezkarien artean bajarik egonez gero, prozedura bera erabiliz estaliko litzateke.
- Prozedura guztiz legezkoa da, eta aurreko legealdian Azkoitian aplikatua izan da.

Beraz, gaur egun legeak aukera ezberdin bi ematen dizkie EAJ-PNV eta PPri, biak ala biak posibleak:

a) EAE-ANVren zerrendaren ilegalizazioa baliatu, botoek eman ez dieten zinegotzi postu bana eskuratzeko, 3.245 getxoztar ordezkaritza politikorik eta eskubide politikorik gabe utzita; edo
b) ilegalizazioak sortutako egoera ez demokratikoa gainditu, getxoztar horien eskubide politikoak eta beren ordezkaritza bermatuta.

Lehenengoa legezkoa da, baina ez zilegia. Bigarrena legezkoa eta zilegia da. Horregatik, hauxe da zuzenean EAJ-PNVri eta PPri eskatzen dieguna: ez dagozkien zinegotzi poostuez ez daitezen baliatu, eta LOREG-en 182.2 artikulua erabilita, eman beharreko urrats guztiak eman ditzaten, EAE-ANVri botoa emandako getxoztarren ordezkaritza politikoa bermatzeko.

Eskari hau, zuzena ezeze, hain beharrezkoa dugun egoera politiko berri eta baketsua ekartzen lagungarria ere izan daitekeelakoan egiten dugu.

Getxon, 2007ko Ekainaren 14an
Getxoko EAE-ANV